KOOPERATIBEN NAZIOARTEKO EGUNA

96. KNE Gizarte iraunkorrak, kooperatiben bidez

Nazioarteko Aliantzako Kooperatiben 96. Nazioarteko Eguna
Nazio Batuetako Kooperatiben 24. Nazioarteko Eguna
2018ko uztailaren 7a

“Gizarte iraunkorrak, kooperazioaren bidez”

2018ko uztailaren 7an, mundu osoko kooperatibistok Kooperatiben Nazioarteko Eguna ospatuko dugu. “Gizarte iraunkorrak, kooperazioaren bidez” goiburupean, gure balio, printzipio eta gobernantza-egiturei esker, iraunkortasuna eta erresilientzia kooperatiben bihotzean daudela erakutsiko dugu, komunitatearekiko kezka gure zazpigarren printzipio nagusia dela ahaztu gabe.

Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak, mezua zabaltzeko, #CoopsDay traola erabiltzeko dei egin die bere kide guztiei.

“Kooperatibetako 1.200 milioi kideren ordezkariak gara. Seguruenik, munduan ez da 200 urtean gu adina hazi den beste mugimendu ekonomiko, sozial eta politikorik. Baina garrantzitsuena ez da haztea. Ingurumenarekiko eta gure komunitateekiko elkartasuna oinarri hartuta kontsumitu, ekoiztu eta erabiltzen ditugu planetak eskaintzen dizkigun baliabideak. Hori dela-eta, Garapen Iraunkorraren Helburuak lortzeko bidean, funtsezko eragileak gara”, adierazi zuen Nazioarteko Kooperatiba Aliantzako presidente Ariel Guarcok.

Hazkundeak dituen ingurumen, gizarte eta ekonomia-arloko mugak aintzat hartzen dituzten horiek dira gizarte iraunkorrak.

Haien izaera dela-eta, kooperatibek paper hirukoitza daukate:

  • Eragile ekonomikoak diren heinean, enplegurako aukerak, bizitzeko bitartekoak eta diru-sarrerak sortzen dituzte.
  • Helburu sozialak eta pertsonak ardatz dituzten enpresak diren heinean, berdintasuna eta gizarte-justizia bultzatzen dute.
  • Erakunde demokratikoak diren heinean, haien kideen kontrolpean daude, eta gizartean eta tokiko komunitateetan lider lana egiten dute.

PwC-k argitara eman berri duen txostenak bost enpresatik bik Garapen Iraunkorraren Helburuekin oraindik konpromiso esanguratsurik ez daukatela edo helburuok ezagutzen ez dituztela erakutsi badu ere, kooperatibak bide honen buruan daude.

2016an, Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak www.Coopsfor2030.coop kanpaina jarri zuen martxan, kooperatibek Nazio Batuen Garapen Iraunkorraren Helburuekin daukaten konpromisoa erakusteko eta kooperatibek mundua hobetzeko egiten duten ekarpena ospatzeko.

Kooperatibek gizarte iraunkorrak eta erresilienteak eraikitzeko lanetan esperientzia daukate.

Esate baterako, nekazaritza-kooperatiba askok praktika iraunkorrak erabiltzen dituzte, laborantzarako lurren biziraupena bermatzeko. Kontsumitzaileen kooperatibek haien produktuak eskuratzeko iturri iraunkorrak bultzatzen dituzte gero eta gehiago, eta kontsumo arduratsua sustatzen dute kontsumitzaileen artean. Etxebizitza-kooperatibek etxebizitza seguru eta eskuragarriak lortzen laguntzen dute.

Banku kooperatibek, bezeroekiko hurbiltasunari esker, egonkortasunari ekarpen handia egiten diote, tokiko eragileei finantzaketa eskuratzeko bideak eskaintzen dizkiete eta gune oso urrunetan ere presentzia daukate. Zerbitzu publikoen kooperatibek landa-eremuan energia eta ura eskuratzea posible egiten dute, eta haietako asko demokrazia energetikorako trantsizioaren liderrak dira.

Hainbat sektoretako lan-kooperatibek eta gizarte-kooperatibek (osasun-arloan, komunikazioan, turismoan…) ondasunak eta zerbitzuak modu eraginkorrean eskaintzea dute helburu, eta, aldi berean, epe luzeko enplegu iraunkorrak sortzen dituzte, planetarekin modu gero eta adiskidetsuagoan.

“Kooperatiben Nazioarteko Egunean, demokrazia, berdintasuna eta gizarte-justizia oinarri hartuta haztea posible dela erakutsiko diogu munduari. Gure gizarteek ezin dutela baliabide gehiago xahutu eta pertsona gehiago baztertu. Oraina hobetu eta etorkizuna zaindu behar dugula, hurrengo belaunaldientzat. Eta mugimendu honetako kide izateaz harro gaudela, balioak eta printzipioak dituen mugimendua delako, eta gizarte-justiziarekin eta ingurumenaren iraunkortasunarekin konprometituta dagoelako”, azpimarratu zuen Guarcok.

Nola ospatu dezakezu #CoopsDay?

  • Zure kooperatiba www.Coopsfor2030.coop kanpainara bultzatu dezakezu, GIHarekin konpromisoa erakusteko.
  • Kooperatibisten Gidan aurkituko duzun #coopsday materiala, logotipoa eta traola erabil ditzakezu bideoak eta argazkiak argitaratzeko sare sozialetan eta online.
  • Zure kooperatibak iraunkortasunaren alde egiten duen guztia erakusteko ospakizun bat prestatu dezakezu. Zure planak luengo@ica.coop helbidera bidali, eta mapa interaktibo batean sartuko ditugu.
  • Kasu zehatzen berri eman dezakezu, kooperatibek kooperazioari esker gizarte iraunkorrak nola sortzen dituzten ikusarazteko.

Informazio hori guztia munduko mapa bat osatzeko erabiliko dugu, egun berezi horretan egingo diren ekimen guztiekin.

#coopsday nabarmentzeko goi-mailako ekitaldia

“Gizarte iraunkorrak, kooperazioaren bidez” 2018ko goiburua eta "ondasun eta zerbitzuen kontsumo iraunkorra" gaia bat datoz 2018ko Garapen Iraunkorrerako Goi-mailako Foro Politikoaren goiburuarekin: "Gizarte iraunkor eta erresilienteak helmuga dituen eraldaketa”. Horrez gain, Nazio Batuen Garapen Iraunkorraren 12. Helburuaren isla dira: “Kontsumo eta ekoizpen arduratsua”. Hain zuzen ere, Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Goi-mailako Foro Politikoan, 12. GIH hori aztertuko da, eta kooperatibek ekarpen handia egin dezakete helburu hori lortzeko bidean.

Uztailean, beraz, Kooperatiben Sustapen eta Aurrerapenerako Batzordeak (COPACek) goi-mailako ekitaldi bat antolatuko du New Yorken, kooperatibek gizarte iraunkorrak eta erresilienteak nola sortzen dituzten erakusteko.

Uztaileko Goi-mailako Foroan, estatu kideek Garapen Iraunkorraren Helburu hauek betetzeko bidean eman diren aurrerapausoak aztertuko dituzte: 6 (ur garbia eta saneamendua), 7 (energia garbia eta eskuragarria), 11 (hiri eta komunitate iraunkorrak), 12 (ekoizpen eta kontsumo arduratsua) eta 15 (bizitza lur-ekosistematan).

KNE mezua 2018.pdf www.coopsday.coop #CoopsDay

2018ko ekainaren 29

  • FACEBOOK
  • TWITTER
  • YOU TUBE
  • FLICKR
    • lng_AIC_2012
2017. a
2018.b

2012 AIC