FOROKOOP [ Kooperatiben Nazioarteko Eguna ]                            Castellano
separador

Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren mezua
NAKeko Kooperatiben 87. Mundu Eguna
Nazio Batuetako Kooperatiben 15. Nazioarteko Eguna
2009ko uztailak 4

"Kooperatiba-enpresen bidez berreskuratze orokorra bultzatzea helburu"

Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE)1 NAKri berriki eskatutako azterlanean ikusi daitekeenez, kooperatibak krisia hobeto jasateko gai dira beste enpresa eredu batzuen aldean. Kreditu kooperatibek finantza-arloan sendotasuna erakutsi dute; nekazaritza kooperatibek munduko hainbat lekutan soberakinak dituzte; kontsumo kooperatibek negozio-bolumena handitu dute; eta lan elkarteen kooperatibek hazkundea bizi dute. Geroz eta gehiago dira kooperatiba-enpresa eredua hautatzen dutenak errealitate ekonomiko berriei aurre egiteko.

Zergatik dira gai kooperatibak krisi egoeran eta haratago ere biziraun, eta are aurrera egiteko ere?

Ereduan dago gakoa. Kooperatiba-enpresa negozioa egiteko eredu alternatiboa da. Etekinak beharrean, pertsonak dira bere ardatza, eta pertsonen merkatu-ahalmena balio erantsi gisa darabil, bere jarduera aurrera eramateko kooperatiben balio eta printzipioen lemari helduta. Munduko hainbat herrialde eta sektoretan, kooperatibek geroz eta kide eta kapital gehiago, eta negozio-bolumen handiagoa daukate. Kooperatibak lanpostu berriak mantendu eta sortzeko lan esanguratsua egiten ari dira, eta horrela, familien diru-sarrerak bermatzen dituzte. Prezioak arrazoizko mugen barruan mantentzen direla eta kontsumitzailearentzako xehekako kontsumorako ondasunak, elikagaiak eta zerbitzuak seguruak, fidagarriak eta kalitate onekoak izaten jarraitzen dutela bermatzen ari dira. Kooperatiben finantza-erakundeek kapitala erakartzen jarraitu dute, kontsumitzaileek kreditu-batasunen, kooperatiba-bankuen eta aseguru-kooperatiben segurtasuna eta fidagarritasuna aintzat hartu baitituzte. Kooperatiba- erakunde horiek, kasu askotan, pertsona eta enpresa txikiei kredituak ematen jarraitu dute. Gauzak horrela, kooperatiben negozioa iraunkorra dela, eta bihotzean balio etikoak gordetzen dituzten enpresek arrakasta eduki eta ekonomiaren berreskurapen iraunkorrari ekarpena egin diezaioketela agerian uzten ari dira.

Ekonomistak, mundu akademikoa eta nazioartea oro har, munduko ekonomia berreskuratzeko moduen bila ari dira buru-belarri, eta hori egiten dutenean, arduradun politikoen eta biztanle gehienen konfiantza galdu duen egungo eredu ekonomikoa ezbaian jartzen ari dira. Merkatuak, eta finantza-erakundeak bereziki, arautzeko moduak aztertu behar dira, eragiketa etiko eta gardenagoak bermatze aldera. Eredu berrien bilaketa horretan, kooperatibek sistema ekonomiko berri bati ekarpen sakonak egiteko garaian daukaten ahalmena berraurkitu eta aintzat hartzen ari dira.

Testuinguru ekonomiko berri honetan, hainbat eta hainbat gobernu kooperatiben aukeraren alde agertzen ari dira, dela nekazaritza-ekoizpena sustatu, dela gizarte-babeserako sistema nazionalak berrantolatzeko, Estatu Batuetako osasun-sistema erreformatzeko eta osasun- kooperatibak sortzeko berriki egindako eztabaidan ikusi daitekeenez. Halaber, euren herrialdeetako ekonomia berreskuratzeko kooperatibek egin dezaketen ekarpena aintzat hartzen ari dira, eta gobernuak geroz eta gehiago ari dira euren biztanleak kooperatiba- ekimenetara bideratzen, finantzak sendotu, ekoizpena handitu eta gizarte-ongizatean aurrera egiteko.

Kooperatiben mugimenduak arduradun politikoekin lan egin beharko du kooperatiben izaera berezia aintzat hartu dadin. Gehiegizko arauak alboratu beharko lirateke, eta arriskua uxatzeko daukaten berezko izaera ulertu behar da. Ondo antolatutako erantzun politiko sendoa ezinbestekoa da araudien esparruan ematen diren aldaketek kooperatibak kaltetu ez ditzaten. Politika egokiekin soilik lortuko da kooperatibak munduko ekonomia berreskuratzeko gai izaten jarraitzea.

Zenbait analistek munduko ekonomiarentzako garairik latzenak atzean utzi ditugula eta urte amaieran ekonomia berreskuratzen hasiko dela uste badute ere, atzeraldiak eta krisiaren ondorioek enpresa guztiei eragingo diete. Kooperatiba askok edonola bizirauteko tentazioa hurbiletik biziko dute, baina kooperatiben balioak eta printzipioak praktikan jartzea, epe luzeko iraunkortasunerako alderdi erabakigarria izan daitekeela adierazten duten frogak geroz eta gehiago dira. Orain da kooperatiben izaera azpimarratzeko unea.

Kooperatiben mugimenduak paregabeko aukera dauka aurrean. Erronka gainditu eta kooperatiba-enpresa etorkizunerako negozio eredu alternatibo onena dela demostratu behar du. Kooperatibak agerian uzten ari dira, garapen ekonomikoaz gain, demokrazia ekonomiko eta politikoa, zein gizarte-erantzukizuna bultzatzen dutela. Kooperatibek negozioetan aritzeko bidezkoagoa den bidea eskaintzen dute. Gizarte eta ingurumen-balioak negozioa egiteko modua diren bidea, eta ez enpresak horiek sustatzeko aukera daukanean soilik erabiltzen dituen balio hutsak.

Kooperatiben Nazioarteko Egun honetan, NAKek mundu osoko kooperatibistei dei egiten die euren balioekin eta kooperatiben printzipioekin dituzten konpromisoak indartzeko, bizi ditugun garai gogorretan daukaten arrakasta ospatzeko eta mundu osoko berreskurapen globalaren alde lankidetzan aritzeko.

 

 

Nazioarteko Kooperatiba Aliantza (NAK) erakundez kanpoko elkarte independentea da, eta munduko kooperatibak bildu eta ordezkatzen ditu eta haien zerbitzura dago. 1895ean eratu zen, eta 85 herrialdetako eta ekonomiako sektore guztietako 223 erakundek osatzen dute. Mundu osoan, 800 milioi pertsona dira kooperatiba horien guztien atzean daudenak.

 

 

forokoop@forokoop.coop
  
Conforme W3C: XHTML 4.01 y CSS 2.1. | Diseeño y desarrollo por Motiva Group
W·C